Bilatu blogean

2024(e)ko martxoaren 22(a), ostirala

DENBORAREN MAKINA

 

Azken asteetan martxoaren 21a gorriz margotutako eguna izan da eskolako egutegian. Ikasturteko egun seinalatuenetako bat delako gurean, Nolega eguna deritzona, Ikaztegietako frontoia antzoki bihurtzen dugun eguna, alegia. Eta aurten ere urduritasuna eta ilusioa nahastu dira gure emanaldiaren prestaketan baina pena merezi izan du. Eskolako familiek eta lagunek gu ikusteko frontoia ezezik gure bihotzak ere bete dituztelako. Eskerrik asko!

 


 

 

Ohiturari jarraituz, irudimena martxan jarri dugu, ikasturtean zehar lantzen ari garen proiektuari antzezlan forma emateko. Eta horretarako nondik gatoz eta nora goaz galdera ideien makinan sartu dugu. Edo hobeto esanda, gizakia gizaki izan den garai desberdinetara bidaiatzeko denboraren makina sortu dugu. Bai, H.G. Wells idazlearen Denboraren makina deritzon istorioari Ikaztegietako ukitua eman diogu! Emaitza zirraragarria izan da baina, batez ere oso ondo pasa dugu! 

 

Ganbara batean gertatu da. Etxeko traste zaharren artean genbilela, bat batean, zapi handi batekin estalita zegoen tramankulu handi bat azaldu zaigu eta denboran bidaiatzea posible egiten zuen makina zela konturatu gara.


 

Ezin genuen sinetsi! Lehenbiziko botoia sakatu eta Egiptora abiatu gara! Bai, benetan diogu. Egiptora! Palmondoak eta esfingeak agertu zaizkigu orduan eta baita Kleopatra bera ere. Nilo ibaiaren ertzean geratuko ginateke betirako Egiptoko erreginari begira!  

 



 

Baina, bidaia gehiagoren gose ginen eta beste botoi bat sakatu dugu eta oraingoan Historiaurrean agertu gara. Kobazuloak bihurtu dira gure babesleku eta ehiza gure sostengu. Hartu ditugu makilak, utzi ditugu beldurrak haitzuloan eta mamuta ehizatzeko grinak egin du guztia. Nolako afari goxoa prestatu dugun suaren inguruan! 

 


 

Eta beste botoi hau sakatzen badugu zer gertatuko da? Gure buruari galdera hau egin diogunerako Erroman azaldu gara eta Ludus Magnus gladiadore eskolan egin dugu sarrera. Bertan gladiadoreak entrenatzen ikusi ditugu eta emakumezko gladiadore baten borroka ausartaren testigu izan gara. Julio Cesarrek ezpata bat eman dio bere indarrari omenaldia eginez. Zergatik ezin da, ba, neska bat gladiadore izan?

 



 

Galdera hori eztabaidatzen ari ginela egin dugu berriro denboran bidaia eta Erdi Aroan topatu dugu gure burua. Zaldunak desfile bat egin du eta aparteko kalejira dibertigarrian parte hartu dugu. Nolako abentura! Nolako musika polita entzun duguna! Gaztelu batetara iritsi behar ginela iruditu zaigu momentu batez!

 



 

Baina gure irudimena bete-betean kolpatu duen eszena azkena izan da. Etorkizunera egin baidugu bidaia! Bai, bai, ondo entzun duzue! Etorkizunera! Robotez eta makinaz betetako gizarte batean azaldu gara eta gris kolorea zen nagusi. Ez zaigu batera gustatu gure burua bertan imajinatzea. Pertsonengan pentsatzen duen gizarte bat nahi dugula adostu dugu: koloretsua, anitza, ingurugiroarekin harmonian bizi dena. 


 

Gure ganbara berezi honetan ideia horien alde borrokatzeko gogoak gainezka egin digu! Bai horixe! Batu zaitez gure ametsera! Abestuz eta dantzatuz irudikatu dugun gure etorkizuneko Ikaztegieta ederrera! 

 


Eskerrik asko irudimenaren festa hau posible egin duzuen guraso, Udaleko nahiz herriko lagun guztioi! 

 

 



ARGAZKIAK






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina