GORA KORRIKA!!!!!
“Harro herri” da aurtengo Korrikaren goiburua. Milaka lagun parte hartzen
ari dira martxoaren 14an Irundik abiatu zenetik.
Harro gaude, euskaldunak garelako.
Harro gaude, Ikaztegietako eskola euskaldunean ikasten dugulako.
Harro gaude, Ikaztegieta herri anitza, euskalduna delako.
Euskara beste bospasei hizkuntzekin batera bizi da gure herrian. A ze
aberastasuna, a ze zortea geurea!!
-maitatu, jolastu, amestu, ikasi dezagun euskaraz.
-azterketak euskaraz.
Korrika, euskararen aldeko aldarria harrotasunez kalera ateratzeko momentua
da. Gorputza euskaraz eta euskararen alde astintzeko momentua.
Korrikak agerian uzten du herri honek zenbat maite duen euskara.
Herri euskalduna ez da hutsetik sortua izan. Euskara baso ezkutu eta
ilunetan egon zen urte luzez, itzalpean, toki laiotzean, etxeko sukaldetik
ateratzeko beldurrez. Baita Ikaztegietan ere.
Baina, askoren izerdiari esker, ausardiari esker eta musu-truk egindako
lanari esker, ilunpetik atera eta eguteran egotera pasatu zen euskara. Eta gaur
egun, gurea den Ikaztegietako eskolan euskarak hartu zuen zegokion lekua.
ESKERTZA
Hortaz, eskerrak eman beharrean gara.
-Lehenik eta behin, eskerrak azken mende erdian ezkutuko lan hori egin duzuen
ikaztegietar guztioi, zuek emandako bultzadari esker baikara euskaldunak
ondoren sortu garenak eta zuen lanari esker baitugu euskara hutsean ikas
daitekeen eskola.
-Eskerrak, baita ere, gure irakasleei, jangelako begiraleei… trabaz traba,
eta sarritan beharko zenituzketen baliabide guztiak esku-artean ez eduki arren,
klaseak euskaraz ematen dizkiguzuelako… irribarrrez, umoretsu, maitasunez beti.
-Eskerrak, amaren sabeletik euskaraz jaio eta hezitako gure guraso
euskaradunei… harro gaude euskaraz egin diguzuelako zuen zilbor-hestetik askatu
ginenetik.
-Eskerrik asko beste hitz-soinu-ahoskera batzuekin hazi zareten eta bizi
zareten gure gurasoei ere… euskaraz hitz bat bera ere jakin gabe, gu ikasketak
euskaraz egiteko bidean jartzeko erabakia hartu duzuelako, etxeko hizkuntza
bazterrean utzi gabe.
-Eskerrak herriko Udalari eta beste eragile guztioi, dagokizuen tokietan
euskara lehenesteagatik eta horren aldeko politikak bultzatzeagatik.
IZAN ZAITEZTE EREDU
Orain arteko bidea erraza izan ez den bezala, datorrena ere ez da erraza
izango. Gizartea aldatzen ari da, eta aldaketa horietara egokitu beharra
daukate hizkuntzek. Zer esanik ez, euskarak. Erronka handiak ditugu
aurrean.
Gure aurreko ikaztegietarrek egindako lana alferrikakoa izan ez dadin, egin
dezagun arraun guztiok batera norabide berean, etorkizuneko ikaztegietarrak ere
euskaldunak izan daitezen.
Horrexegatik eskatzen dizuegu guraso, irakasle eta herritarrei… izan
zaitezte guretzat eredu, izan zaitezte aho-biziak egunero, egiguzue beti
euskaraz! Aurreneko hitza, beti, euskaraz!
Gure bitartez jasoko dute ondorengoek euskara. A ze ardura, a ze erronka
gurea!
Izan gaitezen aho biziak egunero, astindu dezagun mingaina euskaraz....erabil
dezagun euskara dakitenekin eta baita ez dakitenekin ere, bakoitzari dagokion
mailan... erakuts diezaiegun ze polita eta erraza den gure hizkuntza.
Segitu dezagun Ikaztegietan euskaraz bizitzen!
-Gora Ikaztegieta euskalduna!
-Gora Korrika!
-Gora euskara!
-Bihar denok Korrikan parte hartzera!!!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina