Bilatu blogean

2024(e)ko ekainaren 19(a), asteazkena

GURE HERRIKO ETXEAK

Izena duenak izana duelako eta izana duenak izena ere baduelako, Ikaztegietako etxeen izenak, asko eta asko guretzat ezezagunak, berreskuratzeko lehen aletxoa jarri dugu pasa den astean eskolako ume, irakasle eta herritar batzuk. 

Udaletxearekin elkarlanean hasitako lana izan da, ikasturtea bukatuko bada ere, datorrenean jarraipena izango duena. Etxeen, baserrien, eraikinen... izenak dituzten kartelak egin eta  jarri genituen. 




Mapa eta herritarren ezagutza erabili genituen etxe bakoitzera iristeko. 



Baina mapak tarteka despistatu ere egin gaitu. Beidakar baserria Beldakar gisa azaltzen da mapan. Eta Erbiñe beste baserri bat balitz bezala azaltzen da (edo horrela ulertu genuen guk). Baserriko bertako senar-emazteek argitu zigutenez baina, Beidakar omen da baserriaren benetako izena eta Erbiñe ezizena. Eraikitzen ari zirenean, Alegia aldetik baserritar bat etortzen omen zen behiekin Ikaztegietara eta bertako langileek "behie dakar, behie dakar" esaten omen zioten elkarri. Hortik datorkio Beidakar izena. Erbiñe berriz, bertako jabea ehiztari amorratua zela eta, erbiak ehizatzen aritzen omen zen sutsuki. Hortik datorkio Erbiñe ezizena. Baserri bera da beraz, Beidakar eta Erbiñe.


Jarri ditugun kartelak behin-behinekoak dira. Beidakar baserrian gertatu zaigun bezala, besteren batean ere gerta daitekeelako, Ikaztegietarrek hilabete batzuk izango dituzue akatsa duten kartelen inguruko ekarpenak egiteko. Horretarako, Udaletxera edo eskolara jo dezakezue. Batean zein bestean zuen ekarpena jasotzeko prest egongo gara.

Mila-mila esker, modu batera edo bestera lagundu diguzuen herritarroi. 







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina